2017(e)ko martxoaren 23(a), osteguna

HAUR LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA

1967. urtetik, apirilaren 2an, Hans Christian Andersen danimarkar idazlearen jaiotegunean hain zuzen, Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da.

Urtero, herrialde bateko idazle bat eta ilustratzaile ezagun bat hautatzen dira mundu osoko haurrei bidaltzen zaien mezua eta kartela egin ditzaten.

Aurten ERRUSIA izan da aukeratutako herrialdea.


Ilustrazioa Mikhail Fedorov
Idazlea Sergey Makhotin
Itzulpena: YanaShvedova / IƱaki Mendiguren

MEZUA:

Haurtzaroaren hasieran maite nuen etxeak eraikitzea bloke eta mota guztietako jostailuak erabiliz.Teilatuaren ordez, sarri erabiltzen nuen haurrentzako liburu irudiztatu bat. Ametsetan etxeraino igotzen nintzen, pospolo kaxaz egindako ohean etzan eta hodeietara edo zeru izartsura begira egoten nintzen, betiere gogokoen nuen ilustrazioaren arabera egoten zen.
Intuizioz, haur bakoitzaren bizi-arauari jarraitu nion, ingurune eroso eta segurua sortzea bilatzen baitu. Eta haurren liburu batek benetan lagundu zidan hori lortzen.
Gero, handi egin nintzen, irakurtzen ikasi nuen, eta nire irudimenean liburu bat etxeko teilatua baino gehiago tximeleta, edo txori bat ere, izaten hasi zen. Liburuaren orriek hegoen antza zuten eta firfira egiten zuten. Bazirudien leiho-ertzean zegoen liburua laster irtengo zela hegan, zabaldutako leihotik leku ezezagunetara joateko. Eskuetan hartu eta irakurtzen hasten nintzen, eta liburua lasaitzen hasten zen. Gero liburuari jarraitzen nion beste lurralde eta mundu batzuetara, nire irudimena ere hedatuz joaten zelarik.
A zer poza liburu berri bat eskuetan izatea! Hasieran ez dakizu zertaz den! Kontra egiten diozu liburua azken orrialdetik zabaltzeko tentazioari. Eta zein usain gozoa duen! Ezinezkoa da usain hori bere osagaietan banatzea: inprimategiko tinta, lekeda… ez, ezin da! Liburu baten usain berezia da, kilikagarria eta paregabea. Orrialde batzuen puntak elkarri itsatsita egoten dira, liburua oraindik esnatu ez balitz bezala. Irakurtzen hasten zarenean orduan esnatzen da benetan.
Hazten ari zara eta inguruko mundua gero eta konplikatuagoa da. Helduek ere erantzun ezin dituzten galderak sortzen zaizkizu. Hala ere, oso garrantzitsua da zure zalantzak eta sekretuak norbaitekin partekatzea. Eta orduan berriro ere liburu bat dator zure laguntzan. Segur aski gutariko askok pentsatu izan du “liburu hau niri buruz idatzita dago!”. Eta gehien atsegin duzun pertsonaiak bat-batean zu bezalakoa ematen du. Arazo berberak bizi ditu eta duintasunez moldatzen da horiekin. Beste pertsonaia batek, berriz, ez du batere zure antzik, baina zuretzat eredu izatea gura zenuke, hura bezain ausart eta buruargia izan nahi zenuke.
Neska edo mutilen batek “Ez zait gustatzen irakurtzea!" esaten duenean, irribarre egiten dut. Ez diet sinesten. Ziur nago izozkia jan, jolas egin eta film interesgarriak ikusten dituztela; beste era batera esanda, gustatzen zaiela ondo pasatzea. Irakurketa ez da sentimenduak eta nortasuna garatzeko zeregin neketsu bat, baizik eta, batez ere, plazer edo atsegin handi bat.
Hain zuzen ere, horretarakoxe idazten dituzte idazleek haurrentzako liburuak!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...